Liga Vasca 2018-19

Jornada 8

Anaitasunaren etxean, Bizkerrek egindako lanaren saria jaso zuen luzapenean

Argazkia: Joakin Sudupe
Argazkia: Joakin Sudupe

2018ko urriaren 29a / cdanaitasuna.eus

 

Neskek ezin dute neurketarik lasai irabazi. Bizkerre B taldea jaso zuten  zapatuan, San Juanen eta bi goleko abantaila kudeatzen ez zuten asmatu. Bigarren zatiko lehen zortzi minututan egin zituzten gorrixek bigarren eta hirugarren golak, baina baloiari eusteko arazoak agerian utzi zituen taldeak, eta Bizkerrek egindako lanaren saria jaso zuen luzapeneko lehen minutuan.

 

Oiartzunen aurkako neurketaren antza handia izan zuen Bizkerre B taldearen aurka jokatutako partidak. Hasi eta minutu eskasera markagailuan aurrea hartu zuten bisitariek. Area ertzeko jaurtiketa batetik egin zuten getxoztarrek huts eta batekoa. Miren Odriozolak ezin izan zuen ezer egin. Berriz ere duela bi asteko egoera berdinean ziren neskak; aurkariaz gain, markagailuaren aurka ere aritu behar izan zuten.

 

Zelaian lekua hartzea kostatu egin zitzaion taldeari, nahiz eta 8. minutuan etxekoek banakoa egitea lortu. Ezker hegaletik iritsi zen Anaitasuna Bizkerreren area ingurura. Irantzu Albizurik area barrura erdiratu zuen, eta Maria Juaristik bigarren zutoinean barrura ukitua eginda, Maider Badiolak jaso zuen baloia. Maiderrek gola egiteko ez zuen inor aurkitu ate aurrean, eta golegile nagusiak ez zuen hutsik egin. Banakoaren ostean txukunago aritu zen taldea, baina arriskua egiteko egoera garbirik ez zuen sortu. Neurketa nahasia jokatu zuten Anaitasunak eta Bizkerrek.

 

Aldageletan lehen zatiko okerrak zuzendu zituzten, eta bigarren zatiko lehen 8 minutuak goitik behera kontrolatu zituzten gorrixek. Markagailua astindu zuen minutu gutxian. 48. minutuko korner erdiraketa itxi batean markagailua iraultzea lortu zuten neskek. Ane Juaristik Ainhoa Galarragaren korner erdiraketa bikain errematatu zuen area txikian. Geldikako jokaldian aurten sartu duten lehen gola egin zuen Ane Juaristik. 53. minutuan, berriz, urrea aurkitu zuen area barruan Anaitasunak. Ondo borrokatu zuen baloia Maiderrek ezker hegalean, area barrura azpitik erdiratu zuen aurrelariak gero, eta ezustean Bizkerreko jokalari batek ukituta ate barrurako bidea hartu zuen.

 

Hiru eta bat, baina kitto. Anaitasunarenak orduan amaitu ziren. Handik amaierara bitartean talde bat izan zen protagonista unero, bai baloiarekin eta bai baloi gabe, eta minutu luzean egindako lanak bere saria eman zion azkenean. Protagonista Bizkerre taldea izan zen. Anaitasuna neurketatik irten zen, ez zuen pase bat bestearen jarraian ematea lortu eta kanpokoek bikain baliatu zuten hori. Desorekatuta aurkitu zuen Anaitasuna Bizkerrek, eta aukera mordoa egin zituzten. Zutoinera ere bidali zuten baloi bat. Eskuin hegaletik lerroak gaindituz joan ziren behin baino gehiagotan, eta birritan gola egitea lortu zuten. Eskuin hegaletik erdiratu eta beste aldean jokalari batek baloia bakarrik jasota egin zituzten bisitariek hiru eta bikoa eta berdinketaren gola.

 

Neurketak aurrera erraz ateratzerik ez du lortzen taldeak. Atzo horretarako abantaila ederra hartu zuen bigarren zatiaren hasieran, baina argi ikusi zen epailearen azken abisura arte partidan konektatuta egon behar dela. Anaitasuna ez zen agertu hiru eta batekoaren osteko minutuetan. Lan asko dute egiteko. Markagailuan eta oro har futbolean eragina duten bestelako txikikeriei garrantzia handia eman beharrean dira neskak. Datorren jardunaldiko neurketa ostegunean jokatuko dute Euskal Ligako neskek, Erandioko San Lorenzo zelaian. Erandioko Betiko Neskak taldearen aurka lehiatuko dira ostegunean, 19:00etatik aurrera.

 

Golak: 0-1 Laida (2'), 1-1 Maider (8'), 2-1 Ane Juaristi (48'), 3-1 p.p. (53'), 3-2 Clara (75'), 3-3 Ainhize (90').