Liga Vasca 2018-19

Jornada 20

Anaitasunak laugarren garaipena jarraian lortu zuen Derioren aurka gora-beherez betetako partidan

ANAITASUNA - Foto: Noski Sky
ANAITASUNA - Foto: Noski Sky

2018ko otsailaren 5a - cdanaitasuna.eus

 

Neskek laugarren garaipena lortu dute erreskan. Aurrera Vitoriaren aurka jasotako jipoiak esnatu ditu gorrixek , eta Mariño, Elorrio, Goierri Gorri eta Derio gainditu dituzte azken lau asteetan. Eguraldiak markatutako neurketa jokatu zuten neskek Derioren aurka. Aste guztian bezala, zapatuan ere eurite handiak egin zituen eta ur asko pilatu zen Txerloiako berdegunean; txingor ekaitz baten ondoren neurketa etenda ere izan zen minutu batzuetan. Atsedenaldira atzetik iritsi ziren gure neskak, baina bigarren zatian suspertu egin zen taldea eta neurketa iraultzeko gai izan zen. 

 

Derio azken aurreko sailkatuak bisitatu zuen atzo, zapatua, Txerloia. Zelaia astun zen, ur asko zegoelako, baina Anaitasunari gehiago astundu zitzaion neurketa bederatzigarren minutuan Deriok egindako golarekin, Nagorek falta jaurtiketa batean lortutakoa. Halere, minutu gutxira berdindu zuen partida Anaitasunak. 11. minutuan, ezker aldetik Irantzu Albizuriren erdiraketa-jaurtiketa ate barrura sartu zen, nahiz eta gero Maider Badiolak ukitu zuen. Segituan, gainera, Ane Juaristik izan zuen taldea aurretik jartzeko aukera; bere jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora.

 

14. minutuan, berriz, neurketa etetea erabaki zuen partidako epaileak. Sekulako txingor jasa hasi zuen Txerloiako zeru gainetik, eta bi taldeetako jokalariak korrika atera ziren zelaitik. Atertu arte itxaron, eta aldageletatik irteterakoan Anaitasunari intentsitate handiagoa eskatu zitzaion. Derio gogorrago ari zen jokatzen, eta lehen minutuak bisitarienak izan ziren. Gauzak ez ziren asko hobetu, ordea. 28. minutuan, bisitariek berriz ere aurrea hartzeko gola egin zuten Txerloian Oihaneren bitartez, atezainari izkin egin ondoren. Xake partida bailitzan, Anaitasunak laster eman zion erantzuna bizkaitarren golari. 32. minutuan, Maria Juaristik egin zuen gola ezker hegaletik area barrura sartu eta jaurtiketa ondo gurutzatuta. Halere, pozak segundo gutxi batzuk iraun zuen Txerloian. Hurrengo minutuan iritsi baitzen Derioren hirugarren gola, Patrik falta baten aldaratzea aprobetxatu eta gero. Atzetik iritsi ziren gorrixek aldageletara.

 

Atsedenaltidik bueltan, Anaitasuna hobeto ibili zen. Joko zuzenagoa egin zuen, eta bisitariak sufriarazi zituen. 52. minutuan, Maider Badiolak egin zuen hirunakoa atezainaren aurka bakarrik geldituta. Atepeko neskari iskin egin eta area txiki barrutik eroso egin zuen gola taldeko golegile nagusiak. Minutu gutxira, berriz, Anaitasunaren aldeko penalti garbia adierazi zuen epaileak. Gureek atera egindako jaurtiketa barrura zihoanean, Derioko jokalari batek eskuekin gelditu zuen baloia atezaina bailitzan, eta epaileak penaltia eta txartel gorria erakutsi zion Varasi. Ainhoa Galarragak egin zuen jaurtiketa hamaika metrotatik, eta ez zuen hutsik egin. Gerora, Derioko Ane Llona jokalariak min hartuta zelaia utzi zuen, eta aldaketarik ez zuenez bederatzirekin amaitu zuten neurketa bizkaitarrek.

 

Handik amaierara bitartean, Anaitasunak neurketa erabakita uzteko gola bilatu zuen, baina ez zuen lortu. Argitasun gutxirekin aritu ziren, behin eta berriz atzelarien bizkarra bilatu nahian, eta ez zuten lortu. Gehiegi sufritu gabe amaitu zuten Derioren aurkakoa gure neskek, eta laugarren garaipena lortu zuten jarraian. 2019an jokatutako 15 puntutatik 12 batu dituzte Gorka Zubizarretaren neskek, eta sailkapenaren erdialdean finkatu dira, jaitsiera postuetatik urrun.

 

Anaitasuna: Oihana, Santizo, Zihara, Libe, Irantzu, Josune, Ainhoa, Maider, María Juaristi, Leire eta Ane. Aulkian: Miren, Intza, Maialen, Enara, Julene, Zabala eta Eneritz Jauregi.

 

Derio: Nahikari, Goiuri, Patri, Nagore, Irati, Varas, Llona, Sheila, Peke, Nahia Justicia eta Oihane.

 

Golak: 0-1 Nagore (9'), 1-1 Maider (11'), 1-2 Oihane (28'), 2-2 María Juaristi (32'), 2-3 Patri (33'), 3-3 Maider (52'), 4-3 Ainhoa (64').