Liga Vasca 2018-19

Jornada 17

Merezitako garaipena lortu du Irunen Anaitasunak

2018ko urtarrilaren 13a / cdanaitasuna.eus

 

Aspaldiko neurketarik onena burutu zuten neskek atzo, zapatua, Irungo Ugalde Ventas zelaian. Minutu onak eskaini zituzten sailkapeneko azkenaren aurka, jokoa atzetik aurrera eta alderdik alde ondo zabaldu, baina azen metroetan ausardia eta fintasuna faltan bota zituen taldeak. Aukera gutxi sortu zituzten neskek, lehen zatian jokaldiei amaiera ematea ikaragarri kostatu baizitzaien. Aukerarik onena Irantzu Albizurik izan zuen 15. minutuan. Bere jaurtiketa langara joan zen.

 

Atsedenaldira hutsean joan zen neurketa. Goitik behera nagusitu ziren gure neskak, eta minuturik gehienak Mariñoren zelaian jokatu zituzten; baloia galdutakoan edo beste taldeak zuenean ere jarrera onarekin aritu ziren neskak, eta presioa eraginkorra izan zen zinez. Mariñok gauza gutxi erakutsi zuen, eta gureek oso gutxi sufritu zuten.

 

Bigarren zatiari ere modu berdinean ekin zion taldeak, baina minutu txar batzuk pasatu zituen taldeak. Mariñok falta jaurtiketa arriskutsu bat izan zuen alde, baina zorionez gora bidali zuen Irungo taldekide batek. Une txarrei aurre ondo egiten jakin zuen Anaitasunak, eta gola egiteko aukera bat edo beste izan zuen. Maider Badiolak eta Leire Ucinek izan zituzten garbienak. 68. minutuan etorri zen horrenbeste desiotako gola. Huts eta batekoa korner jokaldi batean egin zuten gureek. Area txikian zen María Santizok buruz baloia ukitu eta zutoinaren ondotik bidali zuen.

 

Aldeko emaitzarekin ez zuen behera egin taldeak, eta Mariñoren zelaian jarraitu zuen jokoan. 76. minutuan Ainhoa Galarragak area ertzean jasotako baloia bikain jaurti zuen zetorkion moduan, eta zutoinaren ondotik gutxigatik joan zen. Halere, handik hiru minutura izan zuen falta ez zuen alferrik galdu. Giza-hesiaren gainetik ezin hobeto jaurti zuen Ainhoa Galarragak —Mariñoren aurka kapitain—, eta zutoinaren ondotik barrura joan zen.

 

Huts eta bikoarekin neurketa erabakita ikusi zuen taldeak, eta patxadaz hartu zuen neurketa. Mariñok ez zuen estuasunetan jarri taldea, eta Anaitasunak ere ez zuen gehiagorako aukerarik egin. Lau asteko bolada txarra agurtu eta bide batez atea hutsik uztea lortu zuen denboraldian lehen aldiz. Datorren asteburuan sailkapenean puntu bat goitik den Elorrio jasoko du Anaitasunak, Txerloian. Zapatuan 17:00etan hasiko da neurketa, eta hasi berri duten bolada ahalik eta gehien luzatzen ahaleginduko dira.

 

Golak: 0-1 María Santizo (68'), 0-2 Ainhoa Galarraga (79').