Liga Vasca 2018-19

Jornada 16

Aurrerak Anaitasuna baino gehiago dela erakutsi zuen Txerloian

Argazkia: Joakin Sudupe
Argazkia: Joakin Sudupe

2018ko urtarrilaren 5a - cdanaitasuna.eus

 

Etxekoak euren mailatik urrun izan ziren, bereziki erritmo eta intentsitate oso baxua erakutsi zuelako taldeak berdegunean. Lehen zatian prezipitazio handiegiarekin aritu ziren, gauzak azkar egin nahian, eta garesti ordaindu zuten. Arabarrek atsedenaldirako neurketa bideratuta utzi zuten huts eta laukoarekin. Aldageletatik bueltan, taldea baloiarekin zerbait hobetu bazen ere, bisitarien bosgarren golak min egin zien, eta zuen lortu bigarren zatiko lehen minutu onak errepikatzerik.

 

Modu txarrean hasi du 2019. urtea Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak. Bigarren itzulia ere atzo hasi zuten neskek, eta bidea ondo hasteko zituzten asmoak azkar uxatu zituen Aurrera Vitoria taldeak. Hotz sartu zen taldea neurketara, eta ez ziren gai izan bisitariek hasieratik erakutsi zuten berotasuna eta gogoa hozteko. Bigarren minuturako atzetik zen taldea. Zelai erdian galdutako baloiari etekina atera zion Gasteizko taldeak. Hamargarren minutuan, berriz, bigarrena jaso zuten gorrixek. Gure atzelarien bizkarrera egindako paseetatik etekin handia lortu zuten kanpokoek, eta bigarren gola modu horretan egin zuten arabarrek. Gureek lehen aldian jaso zuten baloia urrundu bazuten ere, eskuin hegaletik bigarren zutoinera erdiratutako baloian bakarrik agertu zen gasteiztarren ezker hegaleko jokalaria, eta Miren atezainaren gainetik barrura bidali zuen baloia.

 

Anaitasunak ezinean jarraitzen zuen, gauzak azkar eta ondo egin nahian, baina ezinezkoa izan zen; Aurrera Vitoriak egin zuen presioa ona izan zen. Uneoro gure jokalarien gainean izan ziren, arnasa hartzen ere ez zieten utzi, eta baloi galtze azkarrak eragin zituzten. Anaitasunak lehen aukera 26. minutuan egin zuen. Elene Zabalak atzelarien gainetik pasea eginda Irantzurekin jokatu zuen, baina area barruan ez zuen asmatu errematea ondo amaitzen. Buruz atezainaren eskuetara bidali zuen baloia ezker jokalariak. Minutu gutxira, berriz, Aurrera Vitoriak hirugarrena egin zuen. Gure atzelarien bizkarrera pasea eginda, Miren Odriozola atezainaren gainetik bidali zuen baloia maisutasun handiz. Lehen zatiko azken gola, berriz, 44. minutuan egin zuten arabarrek. Eskuin hegaletik jokaldia lotuta, area barrura erdiratu zuten eta bakarrik zen aurrelariak ez zuen barkatu.

 

Bigarren zatira begira, lehen erdian falta izan zitzaien erritmoa eta intentsitatea eskatu zitzaien neskei. Hasiera batean ausartago zelairatu zen taldea, eta hasi eta gutxira lortu zuen gola egitea. Erdilariak metro batzuk aurrerago jarrita eta aurrelarien baloiak egoera onean pasatuz, behin baino gehiagotan iritsi zen Aurrera Vitoriaren area ingurura. Ane Juaristiren pasez, Maider Badiolak lortu zuen bat eta laukoa egitea 49. minutuan.

 

Bigarren zatia estuagoa izan zen. Anaitasunak aurpegi hobeagoa erakutsi zuen, baina 57. minutuan Aurrera Vitoriak egin zuen bosgarren golak min egin zion berriz ere taldeari. Pixkanaka-pixkanaka behera egin zuen Anaitasunak, eta lehen zatiko jokoa berreskuratu zuen Aurrera Vitoriak. Minutu gutxira, gainera, seigarrena egitetik gertu izan ziren arabarrak; kontraeraso batean zutoinera eta segidan langara bidali zuten baloia. Ainhoa Galarragak falta jaurtiketa  bat langara ere bidali zuen, eta Ane Juaristik aldaratzean gora bidali zuen baloia. 83. minutuan, azken bat eta seikoa egin zuten bisitariek. Eskuin hegaletik iritsi ziren, eta Miren gainditzea lortu zuten.

 

Datozen partidak beste modu batera hartu beharko dituzte gorrixek, bestela majo sufritzea egokituko zaie. Falta ezin diren osagaiak dira erritmoa eta intentsitatea, eta horiek erakutsi ezean asko kostatuko zaie neurketak aurrera ateratzea. Datorren asteburuan, Irungo Ugalde Ventas zelaira egingo dute bidaia Mariño azken sailkatuaren aurka jokatzeko. Ihes egin ezin duten hiru puntuak Azkoitira ekartzen ahaleginduko dira gorrixek.

 

Golak: Maider Badiola (Anaitasuna), Ainara-4, Nahikari, Laura (Aurrera Vitoria).