Liga Vasca 2018-19

Jornada 15

Anaitasunak ezin urtea garaipenarekin amaitu Zarautzek emaitza irauli baitzuen

Argazkia: Joakin Sodupe
Argazkia: Joakin Sodupe

2018ko abenduaren 25a - cdanaitasuna.eus

 

Euskal Ligara igoera lortutako urtea ez dute garaipenarekin agurtzerik lortu neskek. Hasi eta segituan Anaitasuna aurretik jarri baldin bazen ere, minutuek aurrera egin ahala behera egin zuen taldearen jokoak, eta Zarautzek bigarren zatian izan zituen aukera apurrak ezin hobeto aprobetxatu zituen Txerloiatik hiru puntuak eramateko.

 

Hirugarren minutuan Irantzu Albizurik lortu zuen Anaitasuna aurretik jartzea. Ainhoa eta Irantzu falta bat jokoan jartzera joan ziren. Ezker jokalaria baloiaren gainetik pasa zen, eta Ainhoak Irantzu bakarrik zegoela ikusita berekin jokatu zuen. Erdiratzen hasi zen Irantzu ezker hegaletik, baina baloiak zuzenean ate barrurako bidea hartu zuen, eta ezer gutxi egin ahal izan zuen Zarauzko atezainak baloia gelditzeko.

 

Anaitasuna aurretik zen markagailuan, eta neurketa ere nahi zuen tokian zuen. Zarautz oso gutxitan iritsi zen Miren Odriozola Anaitasunako atezainaren ate ingurura, eta iritsi zenean ere ez zuen Mirenen lana zaildu. Lehen ordu erdian kontraerasorako bidea eta beste bi aukera eder egiteko modua aurkitu zuen Anaitasunak. 12. minutuan eta 33. minutuan, Maider Badiola taldeko golegile nagusiak gertu izan zuen bi eta hutsekoa, baina atearen aurrean ez zuen bi jokaldietan asmatu aurrelariak.

 

15 minutuko atsedena aldageletan hartuta zelairatu zen taldea, baina bigarren zatian Zarautz gehiago izan zen. Anaitasunak ez zion baloiari etekinik atera. Pase gutxi lotu zituzten elkarren jarraian, azkar galtzen zuten baloia eta bisitariek eraman zuten neurketaren ekimena. 53. minutuko lehen abisuaren ondoren, 56. minutuan lortu zuten zarauztarrek banakoa egitea. Ezker hegaletik iritsi ziren kanpokoak, eta Miren atezainaren aurrean ondo amaitu zuen jokaldia. Golak sekulako mina egin zion taldeari, eta une batean taldea noraezean ere aritu zen.

 

Aurkariaren zelaira pasatzea ere oso tartean behin lortu zuten gorrixek, eta Zarautzek seriotasunez eta lana zuzen eginda bat eta bikoa egitea lortu zuen 65. minutuan. Handik bi minutura, berriz, zutoinera bidali zuten Zarauzko neskek baloia. Neurketa erabakita uztetik gertu izan ziren bisitariak. Anaitasuna, bere aldetik, ez zen gai izan Zarautz estuasunetan jartzeko, eta aukera gutxi egin zituen taldeak.

 

Amaitu dute lehen itzulia neskek. Hiru garaipen, hiru berdinketa eta bederatzi porroteko balantzearekin itxi du 2018. urtea Emakumezkoen Euskal Ligan. Bigarren itzulia urtarrilaren 4an hasiko du Anaitasunak. Aurrera Vitoria jasoko dute Txerloian. Txapelketako lehen sailkatuen aurkako neurketak atzean utzi, eta sailkapenean erdian eta behean daudenen aurkako neurketetan puntuak batzen hasi beharko du Anaitasunak Euskal Liga lasaitasunez amaitu nahi badu.

 

Anaitasuna: Miren, Santizo (Eneritz Jauregi 83'), Zihara, Ania, Irantzu, Ainhoa, Ane, Zabala, Leire (Josune 88'), Aretha (Maialen 65'), Maider.

 

Zarautz: Menayo, Lide, Marta, Yerobi, Bidatz (Maider 74'), Alaitz, Idoia (Ane Miren 65'), Tato (Txiki 65'), Tolo (Laura 83'), Maite, Mantxola (Jone 77').

 

Golak: 1-0 Irantzu (3'), 1-1 Mantxola (57'), 1-2 Txiki (66').